Erriberako ikusezinak; por Ainitz Clemos



 



La historia la hace el pueblo 
y la escriben contrabandistas. 
Cuentan lo que les conviene 
y lo adornan con mentiras. 

Errelatu bakarrak kaltegarriak izan dira historian zehar. Izan ziren duela 500 urte eta dira gaur egun. Bada esaten denean gure herriko emakumeak sorgin arriskutsuak zirela, eta bada Na+ bezalako alderdiek hemen ez dela sekula euskaraz hitz egin esaten denean. Historia pertsonok egiten dugu. Erriberan, Nafarroa guztian bezala, euskaraz hitz egin izan da eta egiten jarraitzen da. 

Ez dago paperetara joan beharrik; kaleetan, tabernetan, klaseetan... gure hizkuntza entzun daiteke. Hau horrela, gurea sentitzen dugulako, gurea delako eta hitz egiten dugulako euskara ere hemengoa da. Euskaraz egiten ez dela esatea historiaren kontra egitea da. Erriberako ikasle askok pairatzen ditugu zonifikazioaren kalteak. 

Gaur egun, egoeraren larritasuna ez da lasaitu. Lege honek, errealitate linguistikoa errespetatzetik urrrun, euskararen erabilera murriztea eta zapaltzea du helburu. Beste behin ere, errelatu bakarrak erriberatarron egoera linguistikoa distortzionatuz. Esaten dute euskaraz ikasteko eskaera egun dauden medioek betetzen dutela. Baina hori ez da horrela. 

Eskaintza gutxi dago, gutxi eta guztiontzat eskuragarri ez dena. Txikitatik euskaraz ikasi nahi izatea, ez da nahikoa. Familiaren sostengua nahitaezkoa da euskaraz hezteko dirulaguntza urriak direla medio. Eguneroko busak, matrikula garestiak, baliabideak, jangela... Familia ugarik egin behar duten esfortzuaren izeberga besterik ez dira. 

Traba guztiak medio, bagara euskaraz ikastea lortzen dugun pribilegiatu batzuk. Txikitatik euskaraz ikasi arren, DBH amaitzean ez dago aukerarik gure ikasketak euskaraz jarraitzeko. Euskaraz ikasten jarraitu nahi izanez gero, Iruñeara jo behar dugu, aukera gertukoena baita. Hau horrela, ez zaigu bermatzen euskaraz ikasteko eskubidea, ezta bizitzeko ere. Euskara eskubide bat izatetik pribilegio izatera bilakatu da. Nik neuk, hainbat lagun, familiako eta ezagun askok bezala sufritu izan dut egoera hau. 

Familian izugarrizko esfortsuak egin behar izan ditugu Ikastolan euskaraz ikasi ahal izateko. Badira, euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko beraien herrietatik alde egin behar izan duten lagunak. Nire kasuan, DBHraino Argia Ikastolan ikasi eta gero, ez nuen beste aukerarik izan Tuteran euskaraz ikasten jarraitzeko; gaztelerazko hezkuntzara igaro nintzen, euskaraz bizitzeko zailtasunak areagotu zizkidalarik honek. Errelatu bakarraren bidez ahotsik gabe utzi nahi gaituzten ikasleok argi dugu, gure ahotsa ez dute ez Na+-ko politikariek ezta inongo legeek isilaraziko. 

Zailtasunen aurrean ikasleok tinko eutsiko diogu gurea den hizkuntzari eta antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu merezi dugun hezkuntza euskalduna lortu arte. Euskara nafartar guztiona delako, ABENDUAREN 15ean IRUÑEAKO KALEAK HARTUKO DITUGU! Nafarroa bat, Ez hiru! 



*IKAMA ikasle antolakundeak Nafarroan zonifikazioa salatzeko asmoz dinamika bat jarri du martxan duela hilabete bat "Nafarroa bat, ez hiru" lelopean. Horren harira, Erriberako ikasle batek (Ainitz Clemos) iritzi artikulu bat idatzi du Erriberak zonifikazioaren ondorioz pairatzen dituen zapalkuntzak salatuz eta E-riberara bidaltzea erabaki dugu.