Egun bat nire bizitzan; por Aristóteles Fuentes



 



Ordua egunaren arabera aldatzen da, baina normalean 7ak aldera altxatzen naiz, eta, pilulak irentsi ondoren, neskalagunari “egun on” erraten diot whatsappen bidez; normalean, berehala erantzuten dit eta eguna ongi joatea opa ohi diogu elkarri, euskaraz edota katalanez. Dutxa hartu, gosaldu eta lanari ekiten diot, aurrez aurreko ikasleekin edo online ikastaroan. Euskara hutsean, jakina. 

Goizean, oso ohikoa da lan-bileraren bat izatea (euskal bileritisa oso bizirik dago gurean), eta horretan ere euskaraz aritzen gara. Erosketak, aldiz, espainolez egiten ditut normalean, ez bada zerbait oso zehatza. Zorionez, umore kutsuko oasiak ere agertzen dira eguneroko normalkeriaren basamortuan, lagunen baten memeak eta iruzkinak jasotzen ditudanean, euskaraz zein espainolez. Talde horretan biak uztartzen ditugu naturaltasun osoz, euskañolaren amildegian erori gabe. Eta, erran behar da, inor haserretu edo baztertuta sentitu gabe. 

Beste askok bezala, telebistaren aurrean bazkaltzen dut, eta, zer ordu den, oso aldakorra da entzuten dudan hizkuntza. Sukaldaritza saioak euskaraz, albistegiak euskaraz eta espainolez, fikzioa espainolez edo ingelesez... Gure indargune eta gabezien ispilu mediatikoa, azken finean. Gero, “etorri” xuxurlatu eta katua ziztu bizian etortzen zait, zenbait minutuz elkarrekin lo egitera. 

Arratsaldeak lana dakar, euskaraz, erran gabe doa. Zalantzak argitu, arazo teknikoren bat konpondu, zuzenketak egin... Eta 18:30ean azken txanpa dator, aurrez aurreko taldea artatzeko unea. Bertan, ikus eta mirets dezaket 12 pertsonak egiten duten lan ikaragarria beren burua euskalduntzeko. Gehiagotan erran beharko nieke, baina hunkigarria da egiten dutena, zinez; beraiek ematen diote zentzua egunero ohatzetik altxatzeari. 

Azkenik, etxera itzuli, afaria prestatu eta zerbait ikusi telebistan, euskaraz, espainolez edo ingelesez. Neskalagunarekin solastatzen naiz telefonoz, katalanez eta euskara pixka batez berak, eta katalanez, espainolez eta euskaraz nik. Ohean dagoeneko, minutu batzuk (gehiegi) ematen ditut irakurtzen: historia liburuak espainolez edota ingelesez, eta fikzioa, normalean, euskaraz. 

Hori da ohiko egun bat niretzat, edozein langileren epikarik gabekoa, non zenbait hizkuntza nahasten diren, euskara tartean. Baina nork eta nire alkateak erran berri du Erriberan inork ez duela euskaraz hitz egiten, eta inor ez dela sekula hizkuntza horretaz mintzatu. Tuteran, denok dakigu Toquero jaunari iritzia ematea beste edozer baino gehiago gustatzen zaiola (bereziki, gaia ezagutzen ez duenean), baina jakin badaki Tuteran eta Erribera osoan ehunka pertsonak egunero erabiltzen dugula lingua navarrorum izenekoa. Orduan, zergatik bota du horrelako astakeria? 

Anitz hipotesi egin genitzake, noski, baina denak dira kezkagarriak. Nire ustez, twitterreko kontu parodiko batek bete-betean asmatu zuen: Erriberako euskaldunak ez gara, alkatearen ustez, benetako erriberarrak. Nolabaiteko distortsio bat gara, bitxikeria deseroso eta gogaikarria, baztertu beharrekoa, zeren bere kontaketa, non bera den tudelanismoaren zaindari nagusia, zikindu eta kolokan jartzen dugun izatearekin berarekin. Eta herritarrak baztertu nahi direnean, existitzen direla ere ukatzea hasiera ona izan daiteke. 

Zorionez, gu ez gara desagertuko. Hemen gaude, ez gara beste inondik etorri eta jarraituko dugu, ahal dugun heinean, euskaraz bizitzen. Bazirudien UPNk diskurtso inklusiboagoa garatu nahi zuela, baina azken adierazpenok argi uzten dute betiko obsesio identitariotan lerrokatuta daudela. Alferrik dabiltza, baina. Fanatiko gutxi batzuk kenduta, Erriberan euskara gero eta normalizatuago dago, presentzia handiagoa dauka gure kaleetan egunez egun, eta gero eta jende gehiagok ikasten du, Tuterako alkateari gustatu ala ez. Hobe lukete berak eta bere zaleek errealitatea onartu eta NODOren zuri-beltza atzean utzi; azken finean, bizitza eta gizartea gero eta koloretsuagoak dira, Erriberan ere bai.